Arpelaren etorkizuna erabakitzeko bilera
Konturatu gabe, sei urte joan dira Arpela, Etxebarriko Euskaltzaleen Topagunea sortu genuenetik. Xume-xume, baina gelditu gabe, aurrerapauso politak egiten joan gara, euskara gure herrian maizago entzun eta ikus dadin:
- Beste elkarte batzuei lagundu diegu beraien jarduera publikoa euskaraz (ere) izan dadin.
- Udalarekin batera lan egin dugu euskarak leku gehiago izateko herrian, metroko geltoki berrian, adibidez.
- Korrika eta Euskararen Eguna bezalako ospakizunetan parte hartu dugu era aktiboan, ideiak eta ekintzak proposatuz (eta gauzatuz!).
- 2018an hasi zen Euskaraldia ekimena Etxebarrin dinamizatzeko parte hatu (eta hartuko!) dugu
- 2014az geroztik, Etxebarriko San Juan suaren ardura hartu dugu, udari ongi etorria emateko jaia euskara sustatzeko ere aprobetxatzeko.
Pozik eta harro gaude egindako bidearekin, baina denbora ez da alferrik pasatzen, eta Arpela dinamizatzen ibili garen lagunok erreleboa behar dugu. Nekeak eta bizitzaren bueltek ezinbesteko bihurtu dute lekukoa pasatzea, Arpelari ideia, odol eta indar berria ekar diezazkioketen beste lagun batzuei.
Mezu honen bidez gonbidapena egin nahi dizuegu Etxebarriko euskaltzale guztioi, Arpelaren etorkizuna erabakitzeko egingo dugun batzar berezian parte hartzeko. Bertan, guztion artean erabakiko dugu Etxebarrin euskara elkarte bat izaten jarraitu nahi ote dugun eta, hala bada, nola egingo dugun hori posible.
Animatuko zara? Bilera 2020KO OTSAILAREN 5EAN, ASTEAZKENEAN, IZANGO DA, 19:30ETAN, BEKOSOLO PARKEKO ELKARTEGUNEAN (haurtzaindegi zaharrean). Mesedez, etortzekoa bazara, konfirmatu aldez aurretik galdetegi hau betez: https://forms.gle/3tyArPw1LQuWmJZX8
Guztion artean irtenbide egokiren bat aurkituko dugulakoan, jaso besarkada bero bat eta laster arte!
Azken erantzunak