Bigarrena ere egin dugu, eta ederra izan da :)
Iragarrita bezala, 15-16 lagun elkartu gara gaur Ludotekan, apirilaren 29ko batzarrarekin hasi genuen bideari jarraipena emateko. Topagunetik Iker Martínez de Lagos etorri zaigu Topagunearen eta euskara elkarteen mugimenduaren inguruko informazio apur bat ematera, eta informazio horrekin gehi aurreko mezuetan jaso duzuen galdetegiarekin, lanean jarraitzeko hitzordutxo bat ere jarri dugu.
Baina goazen atalez atal:
- Gaurko bileraren behin-behineko akta txikitxo bat egin dugu. Egon zaretenok zuzenketak egin ditzakezue, dokumentuan bertan, Google Docseko ‘Iruzkinak / Comentarios’ funtzioa erabilita, edo emailez bidali. Sumatzen baduzue akta horretan zeozer dagoela faltan edo soberan, mesedez jarri beldurrik gabe! (Posteridaderako, adibidez, uste dut inportantea dela egon garenon zerrenda agertzea).
- Hurrengo hitzordua EKAINAREN 12AN jarri dugu, asteazkena, 19:30etan. Lekua zehaztuko dugu Ludoteka eta CIME erabiltzeko aukeren arabera. Aurreko bileretan egon zein ez egon, guztiok zaudete gonbidatuta hor parte hartzeko. Honako hau izango da plana:
- Talde txikietan jarrita, helburu eta lehentasunen orria komentatzea
- Adosten ditugun helburu eta lehentasun horien inguruko ekintza zehatzak proposatzen hastea
Azkenik, komentatu dugu behin-behineko blog hau bera ireki dugula gure arteko informazioa errazteko. Hemen jarriko ditugu orain arte erabilitako materialak, datozen hitzorduen berri eta abar. Gure arteko komunikazioa errazteko, posta zerrenda bat ere irekiko dugu aurrerago, eta horren berri ere emailez zein blogaren bidez emango dizuegu.
Aurrekoa bezalaxe, gaurko bilera ere oso-oso polita izan da, eta argi geratu da potentzial handia dugula esku artean. Ea denon artean asmatzen dugun probetxua ateratzen! Eskerrik asko eta animo guzti-guztioi!!!
Azken erantzunak