Etxebarrin ere, 11 egun euskaraz?
2018a urte berezia izango da euskaltzaleen mugimenduan. Zorte apur batekin, ziklo aldaketa baten hasiera izango da, edo, gutxienez, horretarako dabil lanean jende asko eta asko, Euskal Herri osoko euskaltzaleen elkarteetan, baina baita erakunde publiko eta pribatuetan ere. Helburua argia da: euskaltzaleak aktibatzea eta euskaraz jakitetik euskaraz egitera animatzea.
Horretarako, besteak beste, 11 EGUN EUSKARAZ kanpaina erraldoi bat antolatzen ari da 2018ko euskararen egunera begira. Herrietako jendea animatu eta, 11 egunez, nor bere herrian egunerokoan euskaraz egitera animatzea. Horrelako esperientzia batzuk izan dira jadanik hainbat herritan azken urteotan, herri euskaldun eta ez hain euskaldunetan, eta guztietan ere balorazioa oso positiboa izan da: behin euskaraz hasi ondoren, jendeari errazago egiten zaio 11 egunak bukatutakoan ere euskaraz jarraitzea…
Honezkero 40 herrik eman dute izena 2018ko 11 EGUN EUSKARAZ kanpainan parte hartzeko, eta Arpelan ere aztertzen ari gara Etxebarrin ere olatuarekin bat egiteko moduan gauden ala ez. Horretarako, Donostiako BAGERA Euskaltzaleen Elkarteak argitaratu duen gidaliburua aztertuko dugu datozen asteotan. Gidaliburuan, azken urteotan han-hemenka antolatu diren ’11 EGUN EUSKARAZ’ esperientziak aztertzen dira: nola antolatu diren, zer zailtasun izan diren bidean, emaitzak zeintzuk izan diren…
Esperientzia horiek elkarrekin komentatzeko, eta Arpelaren dinamika ere apur bat sendotzeko, erabaki dugu aurrerantzean HILABETE BAKOITZEKO LEHEN OSTEGUNEAN biltzea (jai egun eta halakoak salbu), Bekosolo parkeko Elkartegunean, 19:00etan.
Kasualitatea: biltzeko hurrengo bi ostegunak berezitxoak izango dira, eta beraz data aldatu behar izan dugu. Egun hauetan geratu gara:
– Abenduaren 14an, 19:00etan.
– Urtarrilaren 11n, 19:00etan.
Gaia interesgarria iruditzen bazaizue, mesedez gorde datak zuen agendatan, eta ez izan lotsarik Elkartegunera hurbiltzeko. Zenbat eta gehiagok parte hartu, orduan eta aberatsagoa izango da emaitza!
Besterik ez momentuz, hortxe duzue gonbidapena. Zalantzarik edo galderarik izanez gero, idatzi beldurrik gabe (info@arpela.eus) eta jarriko gara harremanetan.
Azken erantzunak