“Euskara Etxebarriko kaleetan zabaltzea guztion lana da”
Etxebarri Gaur hilabetekariak Arpelaren zuzendaritzako kideak diren Goiatz Bilbao, Iñaki Sanchez eta Arantza Etxabe elkarrizketatu ditu otsaileko alean. Hona elkarrizketa oso-osorik.
Etxebarriko Euskaltzaleen Topagunea da ARPELA. Zertarako sortu duzue?
Goiatz.- Izenak berak esaten duenez, Etxebarriko Euskaltzaleak elkartzeko. Euskaldun asko bizi gara Etxebarrin, baina sarritan ez du hala ematen. Euskara eta euskaldunak ikusgarriago egin nahi ditugu herrian.
Euskaldun asko Etxebarrin? Zenbat da hori?
Arantza.- 8.000 biztanle inguru gara Etxebarrin. Horietatik, %25 euskaldun osoak gara, eta beste %25 ia-euskaldunak. Horrek esan nahi du 4.000 lagun bizi garela herrian, euskaraz ulertzeko gaitasunarekin. Populazioaren %50 inguru, baina kalean %3k baino ez dugu erabiltzen. Euskara gehiago entzun nahi dugu herriko kaleetan, horretarako margen handia dago oraindik.
Horrenbeste euskaldun badago, zergatik entzuten da euskara hain gutxi?
Iñaki.- Fenomeno orokorra da, eta ezin da erraz azaldu. Etxebarriko kasuan, arazo nagusienetakoa aurreiritziak izango dira seguruenik: herrian euskaldun gutxi garela uste dugu, eta horregatik ez dugu euskaraz egiten. Ondorioz, beste euskaldunek ez digute euskaraz entzuten… eta gurpil zoro bat da hori. Etxebarriko euskaldunak elkar ezagutzea da gure helburu nagusietako bat, gurpil hori apurtzeko.
Ematen du lan asko duzuela egiteko…
Goiatz.- Lan asko dago egiteko, bai. Baina ezin dugu -eta ez dugu nahi- guk bakarrik egin. Hurrengo asteetan harremanetan jarriko gara herriko beste elkarte eta norbanakoekin, geure buruaren berri eman eta elkarlana eskaintzeko. Etxebarrin elkarte asko daude, eta elkarte horietan dauden euskaldunak aktibatuz gero, oso eragin handia lor dezakegu denbora gutxian. Euskara kalean zabaltzea ezin da gutxi batzuen lana izan, denon artean egin behar dugu.
Bazkide kanpaina egiten ari zarete…
Iñaki.- Bai, elkartea sortzeko prozesuan egin ditugun bileretan 30 lagun ere batu gara, eta interes handia ikusi dugu gurekiko. Baina interes hori praktikara eramateko babes ekonomiko eta pertsonala behar dugu. Etxebarriko euskaldun eta euskaltzale guztiak gonbidatu nahi ditugu gurekin bat egitera. Gure webgunean daude bazkide egiteko jarraibideak.
Eskatzeaz gain, trukean eman ere egingo duzue, ezta?
Arantza.- Pixkanaka-pixkanaka hasi gara gauzatxoak egiten. Abenduan aurkeztu zen “Argijale” ipuin solidarioaren euskaraketa elkarteko boluntarioek egin dute, eta euskararen egunaren ospakizunean ere parte hartu genuen. Martxoaren 28an “Laburbira” ekarriko dugu Etxebarrira, euskarazko film laburren emanaldia, eta beste hainbat komtutxo ere lotzen ari gara han eta hemen…
Gogotsu ikusten zaituztegu!
Iñaki.- Bai, nik uste dut orain arte parte hartzen ari garenoi ilusio eta gogo handia eman digula Etxebarrin beste euskaltzale asko badirela ikusteak. Orain lanari ekin eta gogo horri eustea da erronka.
Azken erantzunak