Irakurri, gozatu eta oparitu!
Jakingo duzuenez, apirilaren 23an Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen da. Arpelak ere bat egin nahi izan du ospakizunarekin, Topaguneak urtero antolatzen duen ‘Irakurri, Gozatu eta Oparitu’ kanpainan parte hartuz, Etxebarriko Udalaren, Udal Liburutegien eta Loli eta Hobbiton liburu denden laguntzarekin.
Kanpainaren mekanika oso erraza da, eta bere helburua euskarazko liburuak irakurri (eta erosi) ahal izateko erraztasunak eskaintzea da. Hauxe da bere funtzionamendua:
- Apirilaren 23tik ekainaren 30era Etxebarriko Udal Liburutegietan euskarazko liburua hartzen dutenek, bueltatzean fitxa sinple bat jasoko dute, irakurri duten liburuaren inguruko iritzia idatziz uzteko.
- Fitxa hori betetakoan, liburuzainak erosketa bale bat emango dio irakurleari. Bale horrek %25eko balioa du herriko liburu dendetan euskarazko beste liburu bat erosteko. Arpela eta Berbalapikoko kideentzat, deskontua %50ekoa izango da.
- Deskontua euskarazko literatura erosteko da soilik, ez kontsulta edo testu liburuak erosteko.
- Ez ahaztu liburuzainari esatea Arpela edo Berbalapikoko kideak zaretela, deskontu berezia lortzeko.
Eta listo! Erraza, ezta? Oso aukera ona izan daiteke udarako irakurgaiak erosteko, gainera herriko dendei ere lagunduz!
Horixe da dena, mezu honen bidez animatu nahi zaituztegu kanpainan parte hartzera eta, batez ere, euskaraz irakurri eta gozatzera! Errazago ezin dizuegu jarri e?
Azken erantzunak