Jaietan elkar topatu eta euskaraz topa egin dugu
Uztailaren 26an, udaletxeko plazan, Etxebarriko euskaltzaleok elkartu ginen, geure herriko jaietan euskaraz topa egiteko. Ekitaldi xumea izan zen; geure asmoa ere halakoxea. Izan ere, apirilaren 29az geroztik, bertako euskaltzaleok prozesu garrantzitsu bati ekin genion: euskaraz jardun eta Etxebarriko euskaldunok elkartuko gaituen elkartea sortzeari, alegia. Dagoeneko, aurrerapauso batzuk eman ditugu, atzera jotzerik ez duen bide zabal honetan.
Horregatik, herrian zehar jarduera hau iragartzen zuten kartelak ( kartel polit askoak!)jarri ondoren, egun horretan, arratsaldeko 19:30ean euskaraz topa egiteko batu ginen. Edalontziak txanpainez bete ondoren, barruko alaitasunak kanpokoarekin bat egin zuen, eta, konfetiek, serpentinek eta bestelako apaingarriek lagundu zuten euskaraz topa egiteko.
Jarraian, plazan bertaratutakoei esangura handiko eranskailu bana oparitu genien. Hantxe, pegatan, haragizko ezpain heze eta irmoek gugaz egiteko gonbitea luzatzen zuten. Bai, horixe, gugaz euskaraz egitekoa!
Gero, lagunarteko solasaldi bizi eta alaian aritu ginen, edaria lagun, kontu kontari, pozik. Eta amaiera borobiltzeko, bertso-poteoan parte hartu genuen, F. Paia eta Jone Uriarekin. Primeran pasatu genuen topaketan topatutakoekin euskaraz topa eginez!
Azken erantzunak