Euskaraldia eta Geuria, Etxebarrin ere bai!
Azken egunotan Etxebarrin euskararekin lotuta oso albiste onak suertatu dira. Hona labur-labur azalduta, astea ondo hasteko baino ez bada ere! 🙂
Euskaraldia Etxebarrin
Jakingo duzuenez, azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskaraldia egingo da aurten, hainbat eta hainbat herritan. Ariketa sinple bat da proposatzen dena: 11 egunez, herriko euskaldunak (ahobizi) ahal duten guztietan euskaraz hitz egitea herrian. Eta euskaraz trakets moldatu, baina ondo ulertzen dutenak (belarriprest), ez jartzea oztoporik euskaraz egin nahi dutenei. Esperimentu polita izango da, eta ohiturak aldatzeko aitzakia ona!
Bada, joan den asteazkenean, dakizuen bezala, bilera irekia egin genuen, Euskaraldia hobeto ezagutu eta Etxebarrin ere esperimentua egiteko prest ote gauden jakiteko. Jende asko elkartu ginen: Arpelako hainbat kide eta lagun, eskolako ordezkaria, eskolako guraso elkartekoa, Talka eta Mugarri gazteguneetakoa, Geuria, eskualdeko euskarazko aldizkaria, Udalaren Euskara Zerbitzua eta zinegotzia bera… Beste hainbat lagunek ere interesa adierazi dute, nahiz eta bilerara ezin etorri: institutua eta guraso elkartea, euskaltegia…
Bada, azalpenak adi entzun eta apur bat eztabaidatu ostean, erabakia aho batez hartu genuen: ETXEBARRIN ERE EUSKARALDIA EGINGO DUGU 2018AN! Eta berehala hasiko gara prestatzen, eh? Hurrengo bilera otsailaren 6an jarri dugu, asteartea, Udaketxeko areto nagusian 19:00etan. Horretara ere gonbidatuta zaudete, eh?
Geuria.eus Etxebarrin
Ostiralean, berriz, beste albiste on bat izan genuen: Etxebarriko Udalak eta Geuriak, Hego Uribeko euskarazko aldizkariak, lankidetza hitzarmena sinatu zuten. Hitzarmen horren bidez, Udalak diruz lagunduko du aldizkaria hurrengo hiru urteetan, eta trukean, Etxebarrik bere leku propioa izango du eskualdeko euskarazko hilabetekarian.

Besterik ez momentuz! Ondo hasi astea!
Azken erantzunak