Giro bikaina Etxebarriko San Juan Suan
Giro ezin hobean pasatu zen bart Arpela eta Pintxo-Pote elkarteek antolatutako San Juan Gaua. Udalaren laguntzarekin, Fuenlabarada kalearen hasierako zatitxo bat itxi eta ‘jaigune’ erosoa antolatu genuen bertan, agertoki, txosna eta guzti.
Plana arratsaldeko 5.30etan hasi zen, aurpegiak pintatzeko tailerrarekin, eta 19:00etan jarraitu zuen, Mugi zaitez disko festako neskekin, mundu guztia dantzan eta saltoka jartzea lortu zuten!
Pilak kargatzeko, txokolatea eta bizkotxoak ere banatu genituen. Eskerrak eman nahi dizkizuegu txokolaterako edalontzia etxetik ekarri zenuten guztioi. Arpelan oso kezkatuta gaude San Juan Gauean urtero botatzen dugun plastiko kopuruarekin , eta hurrengo urteetan pausuak ematen jarraituko dugu plastiko kopurua gutxitzeko guztion laguntzarekin.
Dantzatu eta saltatu ondoren, Oier Asla lagunak kantuan jarri gintuen denok bere parte hartzeko kontzertuan. Eta ondoren urteroko sarien banaketa egin genuen: 50 euroko txekea eskola materiala erosteko Hobbiton liburudendan, eta bi lagunentzako afaria Ortzi jatetxean. Irabazleek poz-pozik hartu zituzten sariak, eta guk ere oso pozik eman genituen!
Jarraian, Bekosolo Beti Dantza Taldeko lagunek ahozabalik utzi gintuzten, gau magiko honekin lotutako dantza ederrekin (hurrengorako dantza gehiago ekarri, mesedez, oso laburra egin zitzaigun!!!). Eta, gaua bukatzeko, nola ez, San Juan Sua piztu eta hantxe, izkina batean, eguzkilorea agertu zitzaigun, urtaro berrirako energia eta berotasuna ekartzea.
Gaua bukatzeko, DJ Eliasek musika dantzagarria jarri eta EHUNEKO BAT jaialdirako sarreren zozketa ere egin zuen. Gauerdia baino apurtxo bat lehenago amaitu genuen jaia, astelehenean lan egin beharra zegoen eta!
Arpelatik, eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu, lehenengo eta behin, arratsalde osoan lan eta lan ibili ziren Pintxo-Pote eta Arpelako bertako kideei, baina baita aurpegi margolariei, Mugi Zaitez disko festako lagunei, Oier Asla handiari, Bekosolo Beti Dantza Taldeari, eta DJ Eliasi. Baita, nola ez, jaiaz gozatzera hurbildu zineten etxebarritar guztioi. Mila esker bihotzez guztioi, hain giro polita sortzeagatik, eta ea datorren urtean denon artean are hobea egiten dugun!
Azken erantzunak