Hurrengo hitzordua, maiatzaren 29an
Apirilaren 19an talde ederra batu ginen Etxebarriko CIMEn euskarak eta euskaldunok herrian bizi dugun egoeraren gaineko kezka konpartitzeko.
Egoera hori hobetzeko gogoa eta indarra ikusi genuen bertan, eta aurretik dugun erronkari heltzeko prest gaudenon taldeari forma eta izaera komun minimoa emateko beharra.
Horretarako lehenengo pausua geure burua formatzea da. Aurrekoan esan genizuenez, maiatzaren 29an jarri dugu lehen hitzordua, 19:15ean Metacaleko Ludotekan. Euskal Herriko Euskaltzaleen Topaguneko kide batek lanari ekiteko pista batzuk emango dizkigu: zer den horrelako elkarte bat, nondik hasi gaitezkeen, zer eredu dagoen…
Bitartean, hala ere, komeni zaigu gaiarekin ez ahaztea eta, hori dela eta, ariketa sinple-sinple bat proposatu nahi dizuegu, gure balizko elkarte hori zer/nolakoa izan daitekeen perfilatzen joateko.
Ariketa, esan bezala, erraza da: multzoka jarritako esaldi batzuk ikusiko dituzue. Aurrekoan aurkeztu genizuen gogoetari dagozkion ondorio, kezka eta ideia orokorrak dira. Ondoren, hiru zutabe daude, kiniela batean bezala, item bakoitzaren adostasuna edo lehentasuna baloratzeko.
Kiniela hori denok egiten badugu, azkar samar jakin dezakegu zeintzuk diren adostasun handiena sortzen duten puntuak, eta horiek hartu ahal izango ditugu abiapuntutzat aurrera egiteko. Ahal duzuen neurrian behintzat, garrantzitsua litzateke ariketa honi denboratxo bat dedikatzea, batez ere planteatzen diren gaien inguruan pentsatzeko.
Besterik gabe, eskerrik asko -benetan!- zuen denboragatik. Ikusiko duzue: denon artean sortzen duguna ederra izango da!
Azken erantzunak