Kalean da Argijale, Etxebarrin auzolanean argitaratutako ipuin solidarioa
Herriko hainbat talde eta norbanakoen laguntzaz antolatutako jaiak eman zion atzo ongietorria Argijaleri, Etxebarrin auzolanean sortu eta argitaratutako ipuin solidarioaren protagonistari.
Arkupe tabernako kudeatzaileek gogoa zuten Etxebarriko umeei begirako liburu bat argitaratzeko, eta azken hileotan izena hartzen joan den Franciso Fernandez Santana idazlearekin jarri ziren harremanetan. Pacok atsegin handiz onartu zuen herriko umeei eskainitako liburu bat idazteko enkargua, eta bere alaba Andrearekin batera ekin zion lanari.
Ipuinaren aurkezpen jaia prestatzen ibili den Mari Luz Gomezen eskutik, Arpelak berehala eskaini zuen bere burua hasieran gaztelera hutsez izan behar zuen ipuina euskaratzeko, eta horri esker, liburuak bi edizio dauzka: euskarazkoa (Argijale), eta gaztelerazko jatorrizkoa (El Monstruo Tragaluz).
Ipuina imajinazio handiz idatzita dago, eta aitita bizi den Etxebarriko baserriko sotoan izaki bitxi-bitxi bat aurkitu duen mutiko baten istorioa kontatzen du.
Liburua 4 eurotan eros daiteke Arkupe tabernan bertan, edo bestela e-mailez eskatu elmonstruotragaluz@gmail.com posta elektronikoan. Salmentarekin biltzen den diru guztia Etxebarriko Gizarte Zerbitzuari emango diote ekimenaren bultzatzaileek, gure herrian behar gorrian dauden familiei laguntzeko. Udal iturrien arabera, 75 dira Etxebarrin larrialdi egoeran dauden familiak, eta Gizarte Zerbitzuak 4.000 euro beharko lituzke haiei zuzendutako laguntza poltsa berezia abiatzeko. Argijaleren egileek kopuru hori gainditzea espero dute liburuaren salmentari esker.
Azken erantzunak