Lehen helburua: Etxebarriko euskaldunok elkar ezagutzea
Hirugarrenez batu gara gaur, gure taldearen lehentasunak eta lehentasun horiei erantzuteko egin ditzakegun jarduera eta ekintzak pentsatzen hasteko. Aurrekoan pasatu genuen galdetegitik ondorio argi bat atera da: denok ados gaude aurretik dugun lehenengo lana herriko euskaldunok elkar ezagutzea dela. Hauek izan dira ‘kinielaren’ emaitzak:
Emaitzen inguruko eztabaida mamitsu eta interesgarria izan ondoren, puntuazio altuena jaso duten itemen inguruko ekintza edo jarduera zehatzak planteatzen saiatu gara. Horretan hasi aurretik, alabaina, kezka handia agertu da herriko ume eta gazteek euskararekin duten harremanaz, eta hori eraldatzeko herriko irakasle, begirale eta abarrengan eragin beharraz.
Ideia zaparradako ondorioak arbelean jaso ditugu ondoren (ideia sorta ederra, bide batez!):
Euskaldunok elkarren berri izatea eta horretarako formula ezberdinak erabiltzea (pegatak, argazkiak, artikuluak Etxebarri Gaur aldizkarian…), herriko bizitzan parte hartzen joatea (jai batzordeak, merkatariak…), jendea elkartzeko hitzorduak proposatzea (euskal jaia, euskal kafe -edo kalmotxoa!-, hitzorduak euskaldun famatuekin…), eta elkartearen beraren inguruko kezkak ere atera dira: leku fisiko baten beharra, finantzatzeko bideak topatzea -txosnaren ideia ere irten da…-. Behin baino gehiagotan irten da herrian geure burua ezagutarazteko beharra.
Ideia horretatik tiraka, hurrengo hitzordua jarri dugu, ekainaren 25erako, 19:15ean. Lekua finkatuko dugu emailez. Hurrengo bilera horretan, gaur irten diren ideietatik bat edo bi hartu eta martxan jartzea izango da erronka, antolatzen hastea. Bagoaz! Eta zu, bazatoz? 😉
Azken erantzunak