Marisorgin eta Deabrua San Juan suan
Arratsalde polita pasatu genuen atzo, San Juan gaua ospatzen. Arratsaldea girotzen hasteko, erromeria egin genuen Udaletxeko Plazan, ZANGO taldeko lagunek *primeran* gidatuta. Dantzan aritzeaz gain, pausu berriak ere irakatsi zizkiguten, eta oso giro alaia eman zioten arratsalde-pasari.
Dantzan amaitu ondoren, indarrak hartu behar ziren berriz… eta horretarako jendetza batu zen Santa Ana Ermitaren inguruan. Txokolatadarako prest genituen 500 edalontziak ri-rau amaitu ziren eta -zoritxarrez- ez ziren gutxi izan merienda gabe geratu zirenak! (Hurrengorako apuntatu dugu, lasai!)
Txokolatadaz gain, zozketa ere egin genuen: 50 euroko txeke bat genuen, eskola materialetan gastatzeko, euskal jantziaz etorritako umeen artean zotz egiteko. Guztira 35 umeren izenak sartu genituen zakuan, eta saria XABI MADOZentzat izan zen. Bere amak poz-pozik hartu zuen saria ordurako larrean hara eta hona zebilen Marisorginen eskutik!!!
Bai bai: Marisorgin! Sua piztu ondoren, berak esan zuen San Juan konjuroa: sugeak, zapoak eta lapurrak ere erretzera bidali zituen. Eta Deabrua bera ere laster agertu zen, lapur guztiak hartu eta sutara botatzeko prest.
Han ibili ginen besteok ere, urteko gauza txarrak apuntatu eta sutara botatzen, ea Eguzki Amandrearen ziklo hasi berriak gauza onak ekartzen dizkigun guztioi!
Mila esker guztioi parte hartzeagatik, eta, bihotz-bihotzez, antolakuntzan parte hartu eta lagundu duzuen guztioi, noski! Eta tira, badakizue: txarto egindakoak barkatu! Hurrengoan hobeto egingo dugu, seguru!!!
Azken erantzunak