Metro geltoki berrian bertoko toponimia erabiltzeko eskaera

“Etxebarri-Norte” baino, geltoki berriaren izena bertoko toponimiatik hartzea proposatu diogu udalari.
Jakin dugunez, eta prentsan han eta hemen ikusten denagatik, badirudi Bizkaiko Garraio Partzuergoak “Etxebarri Norte” deitu nahi diola Metroaren hirugarren lineak Etxebarrin izango duen geltokiari.
Arpelari kezka handia sortu dio herriaren ezaugarri eta -nolabait esateko- erakusleiho bihurtuko den geltokiaren izenak bertoko toponimia baztertu eta gazteleraz finkatuta geratuko den termino orokor bat erabiltzeak.
- Batetik, euskarari herrian presentzia sinbolikoa emateko aukera galtzea litzateke, eta gainera herri erdaldunduaren irudia sendotu eta areagotuko luke.
- Bestetik, Udalak hainbesteko ahaleginaz jaso duen bertoko toponimiari erabilera praktikoa emateko aukera ederra ere alferrik galduko litzateke.
Horregatik, Etxebarriko Euskaltzaleen Topaguneak eskari formala egin dio Udalari, geltokiaren izena “Etxebarri Norte” baino, bertoko toponimian oinarritutakoa izan dadin. Etxebarri-Kukullaga edo Etxebarri-Ibarbengoa izan daitezke aukera batzuk, baina seguru gaude gehiago ere izango direla.
Azken erantzunak